San Telmo Museoan izango dira Antzinako Musikako eta Ganbera Musikako zikloak

  • Talde hasiberriak zein ezagunak Antzinako Musika Zikloan.
  • Musika erromantikoa izango da Ganbera zikloko protagonista nagusia, baina askotariko proposamenak izango dira, XVIII. mendetik XX. mendera bitarteko errepertorioa hartzen dutenak. 

Antzinako Musikako zikloa

Aurtengo bost hitzorduak abuztuaren 5etik 27ra bitartean izango dira, zehazki, eta nazioarteko talde historizista interesgarrienetako batzuk euskal-nafar interpreteekin batera arituko dira; hala nola Raquel Andueza eta Carlos Mena interpreteek errezital bana eskainiko dute.

Abuztuaren 5ean emango dio hasiera zikloari Tercia Realidad espainiar taldeak, Jorge Jiménez biolinista gidari duela. Farinelli ospetsuari eskainitako programa berezia aurkeztuko du taldeak, eta biolinaren distirara eramango dute kastrato ahots famaturako idatzitako hainbat doinu. Abuztuaren 9an, Basilean sortutako Brezza talde gaztearen txanda izango da. «Preludioak sortzearen artea» izeneko proposamena aurkeztuko du, erreferentzia eginez Barrokoko inprobisazio-tradizioari, eta San Telmon jarriko dute hori praktikan. Musika Hamabostaldian debuta egingo duten bi talde horien ondoren, Antzinako Musika Zikloko ikusleek ondo ezagutzen dituzten bi artista entzuteko aukera izango dute. Abuztuaren 11n, Raquel Andueza soprano nafarrak, La Galania taldearekin batera, pasioa ardatz hartzen duten lanen bilduma bat aurkeztuko du. Italiako Barrokoaren eta Frantziakoaren arteko trukeak eta eraginak erakutsiko dituzte, hain zuzen. Anduezak jardun eta astebetera, Carlos Mena kontratenorra arituko da, Daniel Zapico tiorba-jotzailearekin batera. XVI. eta XVII. mendeetako doinu frantsesen transkripzioak eskainiko dituzte. Abuztuaren 27an, Donostian lehen aldiz arituko den talde batek itxiko du zikloa: Vivid Consort. Hiru austriar interpretek osatzen dute taldea, eta txirulak eta beren ahotsak tartekatzen dituzte; errepertorio errenazentista anglosaxoia proposatuko dute oraingo honetan. 
 

Ganbera Musikako zikloa

San Telmoko ganbera-musikako arratsaldeak Musika Hamabostaldiko tradizio karismatikoenetako bat bihurtu dira. 2017an hasi ziren Ganberako Musika Zikloko emanaldiak museoko klaustroan, eta jaialdiaren eszenatoki preziatuenetako bat bihurtu da gaur egun, bai ingurunearen edertasunagatik, bai aire zabaleko akustika sotilagatik, formatu txikiko musika horiez modu ezin hobean gozatzeko aukera ematen baitu. 

Aurtengo udan, Musika Hamabostaldiko Ganbera Musika Zikloa abuztuaren 10etik 23ra izango da, XVIII. mendetik XX. mendera bitarteko ibilbide musikala egingo duten bost proposamenekin, arreta berezia eskainiz Erromantizismoaren errepertorioari. Programazio mistoa prestatu da, eta, horri esker, ganbera-talde ospetsuak zein bakarlari nabarmenak entzuteko aukera izango da, elkarrekin ganbera-musika egiteko bilduko baitira. Zikloak beti eskaini badie ere arreta berezia Euskal Herriko eta Espainiako musikarien talentuari, uda honetan erabateko protagonistak izango dira horiek, zikloko bost kontzertuetan arituko baitira, nazioarteko zenbait gonbidaturekin batera. Gaualdiak abuztuaren 10, 13, 17, 21 eta 23an izango dira, 20:30ean.

Trifolium Kuartetoak egingo du zikloaren inaugurazioa, abuztuaren 10ean. Talde historizistak harizko kuartetoaren hasieraren errepasoa egingo du. Abuztuaren 12an, Francisco Fernández-Rueda tenore sevillarrak bost euskal musikarirekin batera egingo du aurkezpena Musika Hamabostaldian, eta musika britainiarra –ahotsezkoa zein instrumentala– ardatz duen programa interpretatuko du. Abuztuaren 17an, Bretón Kuartetoaren txanda izango da, eta taldeari izena eman dion Tomas Bretón musikagilearen obra bat interpretatuko du; horrekin batera, Brahmsen harizko kuarteto handi bat eskainiko du. Abuztuaren 21ean emakumezko hiru bakarlari handi igoko dira agertokira Brahms, Debussy eta Arenskyren hirukoteak interpretatzera: Judith Jáuregui pianista, Soyoung Yoon biolinista eta Nadège Rochat biolontxelista. Azkenik, Josu de Solaun pianistak eta Adolfo Gutiérrez Arenas biolontxelistak osatutako bikoteak bere azken diskoa aurkeztuko du, Loss & Love, Schumann, Schubert eta Franck-en lanekin.

Bi zikloetako kontzertuetarako sarrerak eros daitezke Musika Hamabostaldiko webgunean eta Kursaal zein Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan.