[Translate to Euskera:]

[Translate to Euskera:]

Bidaiak eta exotismoa, 85. edizioaren ildo tematikoa

Ideia erromantikoen eta industria-garapenaren arteko talkak XIX. mendeko kultur eremura ekarri zuenaren adibide ezin hobea da Carmen opera. Makina berriek, hasiera batean lurrunezkoak, aurrerago elektrikoak, leherketakoak, etab. bide eman zioten egun gu geu garenari, mekanizatutako gizarte bati, alegia, eta mundua askoz ere txikiagoa egin zuten, behin ikuspegi erromantikoaren galbahetik igarota, iruditeria exotikoari argi emango zioten kulturak mendebaldera hurbilduz eta bertan ezagutaraziz. Espainia, mendebaldeko askoren ustez lurralde atzeratua eta pertsonaia bortizki kartsuz betetakoa zena, eremu aproposa zen exotikoaren geografia horretan.

Hamabostaldiaren edizio honetan, exotismoak harilkatuko du programazioa, eta horretan bat egingo du ezinbestean kide duen bidaiarekin. Ez dago bidaiarik gabeko exotismorik, nahiz eta bidaia hori, inoiz, alegiazkoa izan. Bidaiak, hainbatetan irudimen edota alderdikeria haundiegiarekin bada ere, aukera ematen digu “bestea” behatzeko, ezagutzeko eta deskubritzeko ("bestea", gu ez bezala definitzen den eta gureak ez diren kodeak erabiltzen dituenaren adierazpen gisa); “bestea”, kanpotarrak, azken batean, urrunekoak eta, zergatik ez, exotikoak zaizkigun pertsonak eta kulturak dira. Hala, Saint-Saënsekin Egiptora bidaiatuko dugu, Shostakovitxekin kosakoen herrialdera, Prokofievekin desagertzear den Europa ekialdeko juduen mundura, Ravelekin mila eta bat gaueko ekialdera edo Stravinskyrekin Errusiako mugakide diren bazter magikoetara. Eta lurralde arrotz eta, nola ez, exotikoetan zehar lagunduko ditugu hainbat bidaiari, hala nola, Egeria galaikoa, Genovako Marco Polo, edo Krystof Harant konpositore, idazle eta matxino txekiarra, Pragako hiri zaharrean sutan erreta hil zena, bidean adituko zituzten musikak, edota erromesaldi horietan arnas hartutakoak entzunez.

Historiaren hasieratik, beharrak eraginda, musikariak bidaiari izan dira, exotismoaren soinu-banda, eta haien bidaia, askotan, itsasoari lotuta egon da, hori izan baitute komunikabide. Eta itsaso horren olatuak dira, hain zuzen, Musika Hamabostaldiaren laurogeita bosgarren edizioko kartelean agertzen direnak.

 

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.